Euskaran bizi den orori herritasuna ematen dion leku politikoa da gure hizkuntza. Ez du deusen frogarik eskatzen. Inor ez du ezer ez du ez arrotz ez atzerriko. Malgutasuna duen identitatea ematen du euskarak: horregatik iraun du egundaino, horregatik iraun lezake beste horrenbeste.

Koldo IzagirreAutopsiarako frogak, 2010

Gure territorioa euskaraz egin litekeen edozein gerizpe da, baina non ote da euskaldunok hartuko gaituen gerizpe hori? Non da lurrari herri esan geniezaiokeen lekua?

Koldo IzagirreAutopsiarako frogak, 2010

EUSKALDUN. Definizioa oinarrizko ingelesean: Euskaldun: espainiera nagusia duen espainiar-euskal elebiduna, edo frantsesa nagusia duen frantses-euskal elebiduna.

Joseba SarrionandiaHitzen ondoeza, 1997

Gaur, euskararen komunitate deseginduan, euskalduna izatea proiektu bat da, izan nahi izatea. Beraz, ikusmolde historiko dinamikoan, hau da, identifikazioak gaur egiten diren moduan, esango dugu, sozial-politikoki, bizitza euskaraz egin nahi lukeena ere euskalduna dela. Urrunagotik, nolabait euskalduna da, berak agian ez, baina bere haurrek bizitza euskaraz egitea nahi lukeena. Komunitate honek noizbait bere bizitza euskaraz egin ahal dezan ahalegina egiten duena.

Joxe AzurmendiAdministrazioa Euskaraz aldizkarian Miel A. Elustondok egindako elkarrizketa (74. zbkia, 2011ko urria)

Hedabideen bidez komunitateek elkarren berri izaten dute, eta hedabideen bidez haien buruaren berri ematen diote munduari. Hedabideen garrantzia, horregatik, funtsezkoa da hizkuntzen berreskuratze prozesuetan. Leiho zabal bat direlako: hor ikusten dugulako gure aurpegia, eta hor ikusten gaituztelako.

A. Barandiaran (koord)Hedabideak (Euskararen Berreskuratzea III)
Garabide Elkartea. Eskoriatza, 2010

“Euskalduna”, euskara duena da.

Ezagutu Euskaldunak

Euskal Herriak “euskaldunen herria” esan nahi du. Euskaldunak bere burua hizkuntzaren bidez definitu izan du, beste giza talde batzuk nongotasuna lehenetsi izan duten bitartean.

Hiru eremu politiko

Euskaldunen herria hiru administrazio politikotan dago banatua. Euskadin, Euskal Autonomia Erkidegoan, hizkuntza ofiziala da, gaztelaniarekin batera. Iparraldean, Frantziako estatuaren baitan, euskarak ez du babes legalik, eta Nafarroako Foru Komunitatea babes maila desberdinak ditu lurraldearen arabera (“zonifikazioa”). Ez dago, egun, hizkuntzaren inguruko politika bateraturik.

Euskaldunak zenbat

Euskal Herriko 16 urtetik gorako biztanleen artean, euskal hiztunak %27 dira (714.136 lagun). Euskara ulertzeko gai direnak, baina euskaraz hitz egiteko edota idazteko orduan ongi moldatzen ez direnak, euskaldun pasiboak alegia, %14,7 dira (388.255 lagun). Hau da, euskara ulertzen dutenak %41,7 dira Euskal Herri osoan (1.102.391 lagun). Euskararik batere ez dakitenak, berriz, %58,3 dira (hau da, 1.546.607 lagun).

%14.7 388.255 lagun

%27 714.136 lagun

%58.3 1.546.607 lagun

Euskaldunak non

  • Gipuzkoa: % 49,9
  • Bizkaia: % 25,4
  • Araba: % 16,8
  • Nafarroa: % 11,7
  • Iparraldea: % 21,4

Euskaldunen soslaia

  • Gaztea

    Egungo euskalduna gaztea da. Euskara hezkuntza-sisteman txertatzeak hiztunen gaztetzea eta ugaltzea ekarri du, eta, hortaz, hizkuntzaren transmisioa sendotu da, eta iraupena ziurtatu.

  • Hiritarra

    Euskal Herriko biztanle gehienak bezalaxe, euskaldun gehienak ere hirietan bizi dira. Hirigune txiki eta barreiatuetan antolatuta egon arren, euskal gizartea batez ere hiritarra da. Baserrian iraun zuen euskarak bizirik, baina, azken mende-erdi honetan, kalean indartu eta biziberritu da.

  • Eleanitza

    Gaur egun, euskaldun guztiak dira, gutxienik, elebidunak. Ez dago euskaldun elebakarrik, eta gero eta gehiago dira hiru edo lau hizkuntza erabil ditzaketen euskaldunak.

Hizkuntza komunitatea

Hiztunen kopurua ez da nahikoa hizkuntzaren erabilera bermatzeko; hiztunek elkarrekin harremanetan egon behar dute hizkuntza hori erabiltzea posible izan dadin. Hiztunak barreiatuta badaude, ezinezkoa da hizkuntz komunitate bat garatzea. Komunitaterik gabe ez dago komunikaziorik.

Hizkuntza komunitatea

Hiztunen arteko harremana fisikoa izan daiteke, edo kulturala eta sinbolikoa. Hedabideek, prentsak, telebistak, Internetek eta batez ere kulturak eraikitzen dute hiztunen arteko komunitatea.

Hizkuntza guztiek behar dute beren eremu propioa, hizkuntza hori berezkoa, bidezkoa, eta beharrezkoa izango den eremu bat. Eremu hori ez da hiztunen komunitatea bizi den lurraldea soilik; hizkuntzaren erabateko garapena gauzatzeko aukera ematen duen espazio soziala eta funtzionala da, batez ere.